Monday, January 08, 2007
IBILBIDEA
Baltzolako haitzuloak eta Jentilzubi arkua dauden lekurako bisitaldia egiteko, naturaren gurarien arteko txango polita egin behar da. Leku horiek karga mitologiko handia eta historia oso zaharra dute, eta haitzulo horietan aurkituriko Bizkaiko lehenengo biztanleen aztarnek hori egiaztatzen dute.
Ibilbidearen hasiera Dimako mendateko errepidean dago; 29. kilometroa adierazten duen mugarrian desbideratu egingo gara, Zamakola auzorantz jaisten den errepidetxo batetik.
Zubia zeharkatu ondoren, hormigoizko bide batetik egingo dugu gorantz, eta hori Jibiltar baserriaren ondoan amaitzen da, gainean bertan. Baserri horrek honako kondaira hauxe dauka: bertan bizi izandako emakume batek, haitzuloaren ondoan ganadua zaintzen ari zela, Jentilzubi arkuan eserita orrazten ari zen lamia batekin egin zuen topo. Lamiari urrezko orrazia erori zitzaion bidera, eta baserriko neskameak hartu egin zuen. Egun horretatik aurrera, lamia gauero joaten zen Jibiltarrera, eta atetik hots egiten zuen: "Eman orrazia, bestela hil egingo zaitut eta". Lamiek, atearen bitartearen ondoan jarrita, iseka egiten zieten gauetan sukaldean iruteko biltzen ziren emakumeei, eta ikaratu egiten zituzten. Gau batean, emakume-arropekin jantzitako gizon bat eurekin iruten gelditu zen; lamia bat hurbildu eta hauxe esan zion: "Bizarduna eta iruten?". Gizonak, burdina sutan jarrita baitzuen, lamiaren begian sartu zuen eta hori ez zen gehiago Jibiltarrera itzuli.
Lurrezko bide bat haran txikian eta estuan sartzen da; eta, zubi batetik, Baltzola erreka zeharkatzen du (metro batzuk gorago sorturiko erreka). Jentilzubiren azpian egongo gara berehala. Arku natural hori haitzuloen sarbidea zen, harik eta higadurak barrunbea bota arte, eta orain arkua baino ez da gelditzen. Jentilzubiren azpitik igaro eta berehala, zulo handi bat ikusiko dugu kareharrizko horman, eta hori Baltzola haitzuloko sarbideetariko bat da. Diotenez, hori Mariren bizilekuetariko bat zen, eta gainera, lamiak eta Sugoi (suge itxura hartzen zuen jeinua) ere bertan bizi ziren.
Bideko bihurgune batetik, zidor bat abiatzen da Zamakola gaztainadiaren artean. Bideak troka uzten du sigi-sagak eginez; gero, bihurgune batean, zidor bat ikusi eta bertatik itzuliko gara aparkalekura. Gorago, alde batean, Baltzola haitzuloko beste sarreretariko bat dago. Bertatik sartuz gero, linternarik gabe ere, gela handi batera iritsiko gara, eta bertan historiaurreko aztarnategi handia aurkitu zuten. Aho zabaletik irtengo gara, eta bertan erreka lurpean sartzen da, gero berriro ere Jentilzubitik hurbil agertzeko, lehen utzi dugun bidera. Aurrean Abaro tunela ikusiko dugu, eta bertatik erreka mendian zehar doa. Galeria zeharkatzeko eta beste muturrean irteteko aukera daukagu; bestela, kanpoaldetik joango gara, Baltzola eta Abaro haitzuloen ikuspegiekin gozatuz, eta handik gutxira, San Lorenzoren baseliza dagoen tokira iritsiko gara. leku horretan, haitzulo artifizial baten ondoan dagoen iturrian ura edan dezakegu; haitzulo hori Lourdesekoaren kopia da, eta bertan Bargondia mendiaren gaineko ikuspegi bikainez gozatzeko aukera izango dugu.
Leku beretik itzuliko gara, Baltzolako bideko bihurgune itxira heldu arte. Zidor horizontal batek burdinsarez babesturiko zulo bateraino eramango gaitu. Axlorreko aterpe naturala da; Jose Miguel de Barandiaranek aztarnategi arkeologiko garrantzitsua aurkitu zuen bertan, 1932an, eta horrek gizakiak Bizkaian izandako presentziarik antzinakoena egiaztatzen du. Historiaurreko gizakia luzaro bizi izan zen bertan, sukarriz eta arbelez landutako milaka piezek eta animalien hezurrek (adibidez, bisonteak, zaldiak eta elur-oreinak) agerian jarri dutenez.
Subscribe to:
Post Comments (Atom)
No comments:
Post a Comment