SupelegorEuskal mitologiak bi zatitan, bi mundutan edo bi errealitatetan banatzen du unibertsoa. Lurrazalean ezagutzen duguna daukagu, gizakiak bere nagusitasuna ezartzeko mundua; azal horren azpian lurpeko mundua dago, jainkoen bizilekua den mundu iluna. Haitzuloak bi munduen arteko kontakturako bideak dira. Supelegor haitzuloari buruzko kondaira asko eta
asko daude, esate baterako, haitzuloan sorginak eta lamiak bizi zirela dioena. Sorginak antzinako jainkoekin loturiko emakumeak ziren gehienetan, eta erritual erlijiosoak, madarikazioak eta biraoak egiten zituzten; nolabait esateko, antzinako erlijioetako emakume apaizak ziren. Lamiak, aldiz, ez ziren gizakiak, baina euren kanpoko itxura emakumearena zen, eta erraz ezagutzen ziren, ahatearen edo ahuntzaren oin bat zutelako. Mariren zerbitzari horiek maitale sutsuak eta laztankorrak ziren, eta horietaz maitemintzen zen gizona erotu egiten zen.
Hala eta guztiz ere, Supelegor beti izan da leku atsegina jendearentzat; diotenez, bost artzainek Supelegorrera bizitzera joatea erabaki zuten, eta, otsoen erasoari beldur ziotenez, haitzuloan bostehun ardi sartzen zituzten. Gau batzuetan, ardiak bat-batean esnatzen ziren, ikaratuta, eta haitzulo osoan zehar korrika hasten ziren; artzainek ez zuten inoiz inor ikusten, baina goizean haur baten aztarnak aurkitzen zituzten. Lamien jolasa omen zen, baina azkonarraren aztarnak baino ez ziren izango segurutik, haurren aztarnen oso antzekoak baitira. Behin batean, Zeanuriko Ipiña auzoko gazte oso aberats bat Supelegor haitzuloan sartu zen, beste bi edo hiru lagunekin batera. Halako batean, norbait itzaletatik irten, besarkada oso handia eman eta itolarrian utzi zuen. Lagunek etxera eraman zuten hilzorian, eta handik zortzi egunera hil zen. Orduko sinesmenen arabera, halako besarkada sendoa emateko gauza zen bakarra basajaun zen; baina, agian, bere kumak defendatzen ari zen hartz emea ere izan zitekeen, halako "besarkada" sendoa baita horien ohiko defentsa, eta hartzak hiltzeraino defendatzen ditu bere kumak.
No comments:
Post a Comment